«Hainbat faktorek eragiten dute identitatearen eraikuntzan; besteak beste, nondik gatozen eta gurasoek gugan egin dituzten proiekzioak zeintzuk diren», nabarmendu du Olatz Berastegi psikologoak. «Oso desberdina da gurasoek lehenengo seme-alabarekin, bigarrenarekin edo hirugarrenarekin irudikatzen dutena», gehitu du. Hurrenkerak ez ezik, haurra sortua izan den momentuaren garrantzia nabarmendu du Mireia Agirre psikologoak: «Faktore asko sartzen dira tartean; esaterako, ea aborturik egon den edo ez. Abortuekin, askotan, ez da dolurik egiten, ez ditugu kontatzen. Hortaz, karga guztia erortzen da abortuaren ostean jaiotzen den horretan. Momentu bakoitzean funtzio diferente batekin dator ume hori, eta, nire ustez, dezenteko karga du horrek». Berastegi eta Agirre Harremanak elkarteko psikoterapiako eta psikologia klinikoko taldekoak dira.
Olatz Berastegi eta Mireia Agirre lankideak Berrian